Autodeterminazio eskubidea izango da Munduko Gizarte Foroaren ardatzetako bat

berria.info

Brasilgo Belem do Para hirian egingo dute Munduko Gizarte Foroaren zortzigarren ekitaldia, urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bitarte. Aurtengo leloa izango da Beste mundu bat posible da, eta berrikuntza nabarmen bat izango du. Aurreneko aldiz, autodeterminazio eskubidea foroaren hamar ardatzen artean bildu baitute. Horrekin batera, Herrien eskubide kolektiboen karpa izeneko ekimen berria antolatu dute mundu osoko hainbat eragilek; tartean, Herriak Aske sare internazionalak. Ekimenaren egitaraua hiru egunekoa izango da -urtarrilaren 29tik 31ra bitarte-, eta hainbat mahai inguru eta hitzaldi egingo dituzte.

Munduko Gizarte Forora joango dira Euskal Herritik, besteak beste, Askapena erakundeko, LAB sindikatuko eta ezker abertzaleko hainbat kide. Foroan parte hartzearekin batera eskubide kolektiboen karpan izango dira, eta hainbat ekimenetan parte hartuko dute. Proiektu berri horren xehetasunak argitzeko prentsa agerraldia egin zuten atzo Donostian. Bertan izan ziren Oier Imaz Askapena erakundeko eta Herriak Aske sareko kidea, Igor Urrutikoetxea LAB sindikatuko kidea, Walter Wendelin ezker abertzaleko kidea eta Arnau Florez CIEMEN Kataluniako fundazioko ordezkaria.

Imazek azaldu zuen proiektuaren oinarria iaz zehaztu zutela Malmon (Suedia) egin zuten Europako Gizarte Foroan. «Autodeterminazio eskubidearen inguruko mintegi bat antolatu genuen CIEMEN eta Galiza Sempre fundazioekin eta Hungariako Foro Sozialarekin batera. Ikusi genuen aferak egunerokotasun bat zuela, baina foro sozialean ez zuela beharbesteko lekurik». Munduko Gizarte Foroari begira, ordea, proiektua garatzearen ardura CIEMEN fundazioak hartu zuen. Imazek hauxe azpimarratu zuen: «Azken urtean egin dugun lan onari esker, gauza garrantzitsu bat lortu dugu. Lehen aldiz, foro sozialaren barnean definitzen diren hamar helburuen artean bat izatea autodeterminazio eskubidea onartzearen alde lan egitea».

Euskal Herriko ordezkaritzak Munduko Gizarte Foroari egingo dion ekarpena ere azaldu zuen Imazek. «Gure egoera politikoaren kronika emango du Ezker abertzaleak. Gizartea nola ari den aldatzen azalduko du, berriz, LAB sindikatuak. Eta internazionalismoaren erabilgarritasunaz ariko da Askapena». Bestalde, Imazek nabarmendu zuen Euskal Herrira ere ekarri nahi dutela Brasilgo esperientzia. «Otsailean deialdi bat egingo dugu hemengo herri mugimenduko hainbat eragilerekin bat egiteko, eta gizarte foroaren esperientzia konpartitzeko».

Herrien eskubide kolektiboak oinarri gisa hartuko dituen karpak izan duen prozesua azaldu zuen Arnau Florez CIEMEN fundazioko ordezkariak. «Proiektuaren lehen urratsa Nairobin egin genuen. Han adierazi genuen leku gutxi dutela estaturik gabeko nazioek munduan, gizartean, eta horri irtenbide bat emateko lanean jarri ginen». Proiektua martxan jartzeko hainbat bilera egin zituzten joan den urtean. «Jorratuko genituen gaiak eta parte hartuko zuten erakundeak erabakitzeko, bilerak egin genituen munduko hainbat eragilek, hala nola Malmon, Guatemalan eta Bartzelonan». Bilerak egin ondotik, proiektua aurrera ateratzea lortu zuten, eta «helmuga» Brasilen dutela esan zuen Florezek. Karparen helburua, berriz, «topagune» bat sortzea da estaturik gabeko nazioek «globalizazio neoliberalaren kontra» egiten duten lana nabarmentzeko. «Foroak dituen 17 gune tematikoetatik bosgarren garrantzitsuena izango da gurea», adierazi zuen Florezek.

Ordezkaritza zabala

Horrezaz gainera, karpak bi gune izango ditu. Areto handia eta txikia. Guztira, 1.000 pertsonarentzako edukiera izango du. Karpa horretan, hogei bat ekimen egingo dituzte. Florezek nabarmendu zuen 30 bat herritako ordezkariek bat egingo dutela karpan. Bestalde, argitu zuen karparen ekimena «lehen urratsa» baino ez dela. «Lortzen ari garen sare internazionalak aurrera egitea nahi dugu. Hala, 2010. urterako herrien eskubide kolektiboak bilduko dituen sare bat eratu nahi dugu».

Anuncis

Comentaris tancats a Autodeterminazio eskubidea izango da Munduko Gizarte Foroaren ardatzetako bat

Filed under Notícies

Els comentaris estan tancats.